XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...): Jainkoen lurtartasuna, jainkoen eta gizonen arteko hurkotasuna, eta jainkoen lanarekiko muzinik eza euskal mitologian, zalantzarako aukerarik gabe begibistan ezarri ditugun errealitateak dira, eta hauen bidetik ulertu behar da Amabirjinaren itsasjardun horien zergatia eta nolakoa.

Lehenik lehen, eta azterketaren oinarria ipintzeko, zera finkatu behar da argiro, zalantzarik egon ez dadin: Amabirjina ez doa itsasora bere egoitzan geratuz gero kemenik edo eraginik ez lukeelako, tarte fisikoa zeharka dezaketeen ahalmenak ez dauzkalako.

Euskal mitologiak, beste edozein mitologiaren antzera, eraginbide urrunkariak ederto ezagutzen ditu.

Areago, euskarri materialik gabe tarte fisikoa zeharkatzen duen gogo-indarraren kontzeptuak izen espezifikoa eta guzti du euskaraz: Adurra (33) JMB I,16 orr. (ADUR).

Mari edozeinek inbokatu eta bere aurrean ukan dezakeen bezala, adurra ere, zenbait baldintzekin, edozeinen esku dagoen indarra dugu, ez aztien ahalmena bakarrik.

Orduan nola ez luke bada, Amabirjinak ere ukanen?.

Adurraren kontzeptu orokorra ezezik, gogora dezagun Amabirjina iadanik ikusi dugula urrundik eraginka: Arantzazukoa da hain zuzen ere, JAINKOAK ETA GIZONAK atalean azaldu dugunez, Okinako leizean hamildu arren, otoitza zuzendu diolako, artzain bat kolpe edo zauririk gabe gorde duena.

Laster ikusiko dugunez Mari jainkosak, lagunen artean erdi erdian etzan den gaizkilea arrastorik gabe suntsierazteko gauza dela frogatzen du.

Jentilek etxe bati botatako biraoak gizaldiz gizaldi irauten du indarrik galdu gabe, oraindik ikusi behar ditugu, zenbait adibideetan azaltzen denez.

Beraz, herri-gogo primitiboak eraginbide urrunkariak irudiratzeko gaitasunik ez duela esateak ez du inongo arrazoirik, eta kontakizun horien benetako edukin ideologikoa ikusten ez uzteko balio du bakarrik.

Indoeuropar jainkozko batek bere Zeru goienetik behatz batez seinalatuz egingo lukeena egiteko, euskal Amabirjinak itsasorantz abiatu eta ekaitzaren erdian bere arrantzale debotoen ondoan egoten da, bere zaindaritza hurkotasunaz azpimarratuz.

Nekerik gabe emandako laguntzak balio ez duelako edo, Amabirjinak, hestuasunean dauden arrantzaleen ondoan egonez ematen du berea.

Goxoago eta maitagarriagoa hurbila delako.